Ipuin eta kondairak
Oso aspalditik Oiartzungo iratxo misteriotsu hauek euskal kulturako pertsonaia handien arreta erakarri dute, hala nola: Pio Baroja, Manuel Lekuona, Florencio Portu, Joxe Migel Barandiaran, Luis de Uranzu, Santiago Aizarna, Carlos Claveria edo Pello Añorga esaterako. Burututako ikerlanek agerian uzten dute izaki mitiko hauek gure mitologian duten balioa; alabaina, garrantzia hori ez da behar bezainbat islatzen zoritxarrez mitologiari buruz egun zertzen diren lanetan, ezta gai honen inguruko literaturan ere, eta nolabaiteko misterioa mantentzen dute intxixuen inguruan, baina iduri ezjakintasunagatik dela neurri batean, eta beraiei buruzko informazioa oso sakabanatua dagoelako bestean.
Izaki hauei buruz eginiko azterlan zehatz batek intxixuak beste kulturetako iratxoen pareko izaki gisa azaltzen dizkigu, eta euskal mitologiaren baitan ezaugarri horietako izakirik garrantzitsuenak bezala kokatzen.
Hain zuzen, intxixuk Arditurrirekin eta bertako meategi nahiz haitzuloekin bazutela lotura uste izan da gehienbat, eta ez hainbeste mairu-baratzeekin. Halere, ez naiz luzatuko dagoeneko deskribatua dagoena idazten, eta hori egin ordez intxixuk, duendiak, iratxoak eta nanoak aurkezten dizkiguten zirriborro berri batzuk azalduko ditut, nahiz eta ziur aski guztiak ere gauza bera izango diren, duela mende erdi inguru entzuten zirela esanez kontatu zizkidaten istorioekin.
Nire kontalariak gogoan du neskatoa zela bazegoela izugarri markatu eta beldur itzela eragiten zion zerbait; besteak beste, ikaragarrizko beldurra izaten zuen Iturriotzeko Arraldeko zuloa deituriko parajetik igarotzeko, amonak han kontu handia izateko esaten baitzien, duendiak ager zitzaizkiekeela-eta.
Hasieran pentsa zitekeen emakume haren trikimailuren bat izatea, eta, arrazoi batengatik edo bestearengatik, zenbait lekutan kontuz ibil zitezen adierazteko intxixu edo duendien inguruko sineskeria zahar bat erabiltzea.
Alabaina, amonak Bordatxon bidea beldurrik gabe egiteko esaten ziola ere kontatu zidan, bera uneoro begira egongo baitzitzaion han ezer gerta ez zekion; agian leku hartan nolabaiteko arriskua egon zitekeela uste zuelako.
Intxixuteria
(Oiartzungo Haur Hezkuntzan Ihoteen nondik norakoa HHko haurrei azaltzeko ipuina)
Aspaldian, euskaldunak intxixu, sorgin, basandre eta beste hamaika izakirekin batera bizi ziren. Eguzki, Euri, Elur, Laino eta Itsasorekin ere harreman ona zuten.
Horrela, Euri eta Elurri esaten zioten noiz etorri eta noiz joan, Eguzkiri noiz berotu eta noiz ezkutatu. Horri esker, uda epelak eta negu hotzak izaten ziren. Udaberrian loreak sortu eta udan frutak umotu.
Tira, beti ez zen horrela izaten, batzuetan Eguzki, Euri eta Elur ados jarri eta Xanistebanetan elurra egiten zuen edo Olentzero eta Mari Domingi eguzki galgatan iristen ziren, galtza motzak eta eguzkitako betaurrekoak jantzita. Udan bezala.
Gainera, beharrezkoa zen, Eguzkiren argia eta euriak ongi antolatzea lore eta landareak garaian ernetzeko. Izan ere, Sorginek, sendabelarrak behar zituzten haur eta xaharren osasuna zaintzeko.
Behin euskaldunek pentsatu zuten bizkorrenak zirela, ez zuela ezertarako balio Eguzki eta Euriekin tratua egiten ibiltzeak, mendiko intxixu, basandre eta gainontzeko izakiak ezjakinak zirela, zakarrak, baldarrak. Eta baztertu egin zituzten, haiekin hitz egiteari utz zioten. Geroztik, Intxixuak eta basandreak Kataxulon bizi dira gure artean zituzten etxe eta bordak utzita.
Eguzki, Euri eta Elur, ordea, haserretu egin ziren, “zer uste dute gizaki hauek, gu gabe bizi daitezkeela? Orain ikusiko dute” –esan zuten.
Eta horrela, udazkenean euria hasi zuen. Euria zarra-zarra, atertu gabe. Mari Domingi, Olentzero eta Astoa euritan ibili ziren. Opariak bustita iritsi ziren urte hartan gure etxeetara.
Baina hori ez zen gerta zitekeen okerrena. Euriari elurrak jarraitu zion,hezetasunari hotzak. Oiartzun eta Euskal Herri osoa lainopean egon zen hilabete luzez, eguzkirik ikusi gabe. Eta horrela, ezin ziren zelaiak loratu. Euri eta hotzarekin haurrak eta adinekoak gaixotu egin ziren. Sorginen botikak amaitu eta sendabelar zein lore berriak falta zituzten botika gehiago egiteko. Zer egin?
Kataxulon bizi ziren intxixu eta basandreekin hitz egin beharra zegoen! Haiek bakarrik zekiten Eguzki, Elur eta Eurirekin hitz egiten. Baina gurasoek beldur zieten! Hain ziren basati eta zakarrak! Oiartzungo umeak, ordea, ez ziren inozoak eta zerbait egitea erabaki zuten. Denen artean hitz egin eta Kataxulora igotzea erabaki zuten. “Seguru ongi eskatzen badiegu lagunduko digutela”.
Horrela, esan eta egin. Arrasku eta Otsoko aukeratu zituzten lan hori egiteko. Tipi-tapa, tipi-tapa Plazatik Gurutzera igo eta Gurutzetik Egieder, ondoren Arribeltz eta aurrerago Azketa eta hortik Aiako Harriraino. Azkenean Kataxulora iritsi ziren…
Kataxulo barrutik aire epela eta gaztaina erreen usaina zetorren. Han ari ziren Intxixu eta basandreak gaztainak jan, kontuak esan eta dantzan suaren inguruan. Oiartzuar gehienak bustita, hoztuta eta triste zeuden bitartean.
Lotsaz baino zerbait esatera ausartu ziren Arrasku eta otsoko. “Ejjem! Aizue!”
Musikak bat batean gelditu zen, dantzak eten eta denek, isil isilik atarira begiratu zuten. “Bi haur!” esan zuten harrituta. “Zer zabiltzate hemen? Eseri eta jan gaztainak, ederrak daude” esan zuen basandre zaharrenak. Eta horrela, Intxixu eta basandreek dantzan eta gaztainak jaten jarraitu zuten.
Arrasku eta Otsokok, ordea, arazoa konpontzeko premia zuten eta zer gertatzen zen kontatu zieten, baita laguntza eskatu ere.”Negua amaitzea behar dugu, zelaiak esnatu eta loratzea!”
Intxitxu eta basandreek laguntzeko asmoz plan bat asmatu zuten. Lainoteria Kataxuloren parean zegoen. Handik gora eguzkia, behean laino eta euria. Eguzki, Euri eta Lainorekin hitz egin, egoera azaldu eta baretzeko eskatuko zieten sorgin hizkuntzan. Horretarako koloretako zapiekin Ortzadarraren koloreak zituen bufanda eder bat osatuko zuten, ortzadarra ikusi eta Lainoeuriak baretuko zirelakoan. Intxixu bakoitzak bere auzoko kolorea zuen zapia ekarri zuen, denak elkarrekin josiz osatu zuten ortzadarra.
Lainorekin hitz egin eta zer gertatzen zen kontatu ondoren, ortzadarraren itxura zuen bufanda eder hura oparitu zioten. Laino eta Eurik ulertu zuten ezin zutela ekaitzarekin jarraitu. Oparitan jasotako bufanda jantzi eta atertu egin zuten, lainoak bildu eta Eguzkiri berotzen utzi zioten.
Eguzkiaren epelarekin hasi zen udaberria urte hartan. Haur eta xaharrak sendatu egin ziren, zelaiak loratzen hasi eta sorginek behar zituzten belarrak bilduta botikak egin zituzten.
Arrasku eta Otsoko herrira itzuli zirenean beste giro bat zegoen. Denen aurrean kontatu zuten zer gertatu zen. Horrela erabaki zuten oiartzuarrek ongi gogoratzea Intxixuak eta basandreak, Laino eta Euri, Euskal Herri zaharra eta berria beti gogoan izatea.
Eta geroztik urtero gonbidatzen dituzte basandreak eta intxixuak ihoteetan.
Bakoitzak bere kolorea dakar, denen artean ortzadarra osatu eta laino-euriei esaten diete negua amaitzeko garaia dela.
Horregatik egiten diegu ongi etorria ihoteetan, horregatik jartzen ditugu koloretako zapiak han eta hemen. Amaitu da negua, betor udaberria!
Eta hala bazan
ta ez bazan,
mintza gaitezan
sorgin hizkuntzan.
Imanol Esnaola
Zamateta, 2017ko urtarrila
Intxixuak garrantzi berezia du Oiartzungo mitologian, gure bailaran bakarrik ezagutzen den pertsonaia honek bizirik iruteaz gain garrantzi berezia hartu du azken urteotan inauteriei esker. Nolanahi ere Intxixuaren jatorria, izaera eta itxura zein den ez dago batere argi eta behin baino gehiagotan eztabaidatu izan den gaia da.
Dakigunez, Intxixuaren jatorria aztertzeko ahaleginak 1916an egin zituen orduko apaiza zen Florencio Portuk. Argitaratu gabeko eskuizkribuan dioenez, sorgina emakumea zen eta intxixua haren gizona, azti moduko bat. Eskuizkribuko pasarte batean honela dio: "Arditurriko meategietan aurkitu zuen hura benetan Intxixua ote zen", urte batzuk lehenago izandako gertaera bati buruz ari da.
Antza denez, pertsonai misteriotsu bat topatu zuten Arditurrin, gehienetan gizona zela esaten da aina emakumezkoa zela ere entzuna dugu. Meatzari atzuk topatu zute zeharo motelduta: "ahaleginak egin genituen berarekin hitzegiteko, euskaraz, gaztelaniaz eta baita frantsesez ere baina ez genuen lortu". Denborarekin argaltzen hoan zen eta azkenean hil egin zen. Oiartzuarrek oso argi zute: Intxixua zen aurkitutako pertsonaia, ordu arte inork ikusi izan arren denek zuten haren berri.
Gertaera honen harira Intxixuari buruzko esamesak indar handiagoz hedatu ziren herritarren artean. Badirudi, halaber, gertaeraren oihartzunak izan zuela eragina On Manuel Lekuonak urte batzuk geroago eginiko ikerketetan. Gainera, Florencio Portuk berak lagundu omen zion.
On Manuelentzat Intxixua pertsonaia misteriotsua zen, sorginaren gizona beharbada. Bere iritziz, intxixu hitza gaztelaniazko hechizo hitzetik zetorren. Era berean, Lekuonak zionez, oiartzuar batzuen ustez, mairu-baratzeak intxixuen hilerriak ziren eta Arditurriko meategiak ere haiek eginak ziren. Hona Lekuonak eginiko deskribapena:
"Ezkutatzen dira baina haien abestiak entzun daitezke. Harkaitz zuloetan bizi dira, aberastasunez inguratuak eta ez dituzte herritarrekin harremanak kultura desberdinekoak direlako."
Gero, Luis de Uranzu historiagilea izan zen Intxusuaren jatorriaz arduratu zena. Horretarako Arditurri inguruan baserriz baserri intxixuari buruzko informazioa jasotzen. Zoritxarrez hizketaldi haiek ia ez zuten deus argitaratu. Orain, mende erdi beranduago jakin izan dugu elkarrizketa haietan jasotako informazioaren arabera, Arditurri inguruko baserritarrek eginiko deskribapenean Intxixua pertsonaia txikia zela (1,20m gutxi gora behera) argala eta ile askokoa. Batzuek inguruko mendietatik korrika dabiltzan iratxo gisa ere deskribatu zituzten. Era berean, aberastasunez inguratuak bizi zirenez, bitxigile trebeak direla esan izan da.
Nolanahi ere, batzuen arabera Intxixuak eta jentilak berdintsuak ziren garai batean. Izena bereiztearekin batera, ordea, Intxixuek ezaugarri propioak ere bereganatu omen zituzten. Barandiaranek, esate baterako, bi pertsonaien arteko antzekotasuna azpimarratu zuen.
Intxuxuari buruz esaten da ere, azal beltzarana, bizarduna eta gorputz iletxua duela eta oso indartsua dela. Indarra, ordea, gauez bakarrik omen du. Mundu basatiaren ordezkaria izaki gizakiak eraikitako zibilizazioaren kanpo bizi da Intxixua, Kataxulon diotenez.
Ikusten dugun moduan Intxixuen askotariko deskribapenak egin izan dira, aztiak direla, iratxo lotsatiak direla, eta baita jentilen parekoak direla ere. Jasotako informazio guztia herritarrek emandakoa da, beraz, Intxixuek hiru forma dituztela dirudi, hiruak ere aintzat hartzeko modukoak.
Arraldetik oso gertu dago Amolatz ezaguna. Ondo gogoan dute amonak leku hartaz zuen jakituria, eta badute pena azalpen gehiago emateko dagoeneko gure artean ez izana. Amonak istorio ugari eta zulo bakoitza ezagutzen zuen, eta leku bakoitzak bere istorioa zuen. Sorginiturrik ere bazuen berea, eta izan nuen haren ardura, baina honezkero ziurrenik ez dugu inoiz ezagutuko.
Halarik ere, batekin eta bestearekin hizketan, emakumearen hitzak ez zirela ahantzi konturatzen zara, eta, azkenean, entzun nituen hainbat kontaera, baita sorginei buruzkoak ere.
Txikitan Amolatzeko harrobian duendiak zeudela esan ohi zieten. Antza denez, leku hau metro batzuetako zulo moduko bat zen, eta intxixuk bertan bizi zirela esaten zuten beti.
Egiazta dezakegun bezala, istorio honen kontatzaileak izaki berberak bailiren izendatzen ditu duendiak eta intxixuak.
Beste behin, Irungo Bentetatik Oiartzun aldera nentorrela, inguru hartan lanean ziharduten nekazari batzuekin hizketatu nintzen. Haien artean bazen Egiabide baserri inguruko emakume bat, eta besteak beste, leku bateko istorio hagitz interesgarri bati buruz mintzatu zitzaidan, txikitan ipotxen basoa deitzen ziotela helduek esanez.
Gure mintzalaguna txikia zen orduan, eta egungo Ola sagardotegitik gertu, basoa zegoen goialdean, eta hara ez zen inola ere hurbildu behar, izaki txiki batzuk bizi zirelako, eta handik ibiliz gero, izaki haiek azaldu eta zerbait egin ziezaieketelako; ipotxen basoa zen hura.
Iduri du deskribapen hau bat datorrela intxixuekin, baina antza denez Irun aldean beldur handiagoa zieten hauei oiartzuarrek gogoan dutenaren aldean.
Oso garrantzitsua da sorginen atala Oiartzungo ihauteriaren barruan, eta, hala, egun seinalatu horietan herrira hurbiltzen denak gertutik ikusi eta behatu ahal izango du eurek daramatzaten tresnak ez direla apaingarri gisa aukeratutakoak, ezta ausaz hartutakoak ere. Mendetan zehar haraneko sorginen eta euskal sorginen tresnarik esanguratsuenak izandakoak irudikatzen dituzte, eta orain erabiliak dira berriro dokumentazio historiko zaharraren azterlanari, eta ahozko tradizioak utzi dizkigun testigantza eta istorioei esker, iraganeko emakume haien eta gaur egun ordezkatzen dituztenen arteko lotura denboran nolabait irudikatuz.
Oiartzungoa zen hain zuzen azken garaietako sorginik ospetsuena; balio handiko gauzaki zenbait zituen, eta horrek berak are beldurgarriago eta misteriotsuago egiten zuen. Sorginen liburua esaterako; diotenez, gauez ilargiaren argitan bere aterkia irekita irakurtzen zituen liburuak eta handik ateratzen zituen bereziki bere sorgin-botereak. Aitzurra gauez lurrean zuloak egin eta egunsentian desagertzen zirenak egiteko erabiltzen zuen. Krabelinak zanpatu eta bera igarotzerakoan berriro zutitzen ziren. Gorua, bere lanak egiteko erabiltzen zuen, eta, diotenez, Maria de Zozaya antzinako sorginik ospetsuena, gure haranekoa hau ere, berarekin joaten zen hegan Zamalbideko akelarreetara.
Orratzontzia, San Joan gauean irekita utziz gero, hurrengo goizean estalkia kendu eta irekitze hutsarekin batera, sorginen esanetara egongo ziren iratxoz edo deabrutxoz betea azaltzen omen.
Erratza sorginek akelarrera hegan joateko erabiltzen zuten gauzaki bezala azaltzen da Oiartzungo kondaira batean, baita antzinako epaiketetako paperetan eta gure kondairetan atergabe azaltzen diren ukendu, ontzi, almeritze eta belarrak ere.
Hara, 1611. urtean, Maria de Yllarra, Oiartzungo emakumea epaitu zuten Hondarribian sorginkeriaz akusatuta. Bere ondasunak hagitz urriak ziren: bi kaxa zahar, txanpon batzuk, 23 erreal hain zuzen, eta oihal beltzeko manta bat. Apoen arduraduna zela esaten zuten, eta berak kontatu zien inkisidoreei Hondarribiako harresi eta teilatu gainetik hegan egin, eta Jaizkibelgo akelarrera iritsitakoan deabrua nola ikusi zuen aulki beltz batean eserita. Deabruak, jakina, Euskaraz hitz egiten zuen. Hala berean, zenbait tresnek ateratzen zuten musika-soinuaren arabera dantzatzen zutela azaldu zuen, tanbolin edo tanborinoek eta arrabita edo txirulek.
Halaber, ezin ahantzi lapikoa, sorginekin zerikusia duten dokumentu zaharretan hainbat aldiz aipatutakoa.
Eta sorginek iturri edo ikuztegietako bileretan hain usu erabiltzen zituzten arropak, xaboia eta ferreta. Edota ogia egiteko erabiltzen zuten galbahe miragarria.
Beste kondaira batzuetan sorginek oso gogokoak zituzten gauzakiak azaltzen dira, esan nahi baita edalontzi miragarria, urrezko orrazia, eraztun magikoa, kardantxa edo urrezko karrantxa, kriseilua edota Ergoiengo baserri bateko kristalak apurtzeko erabiltzen zituzten harriak, nahiz eta gero kristalak oso-osorik azaldu. Edo Zuberoako espartingile sorgin ospetsuek erabiltzen zituzten espartinak eta tresnak. Baita magikoak izan behar zuten aizkorak ere, zuhaitzak oso denbora laburrean mozteko sorgin egurgile batzuk erabiltzen zituztenak.
Maria de Zozaya, antzinako sorginik ospetsuena, gure haranean bizitu zen, hain urruti eta hain gertuko Errenterian, eta hainbeste gaiztakeria egin zituela esan ohi da, orrialde anitz beharko genituzkeela guztiak jasotzeko. Antza denez, saskitxo itxi bat eramaten zuen, eta han sartzen apo, suge eta gainerako zomorroak ukendu eta hautsak egiteko. Halaber, garai hartako sorgin guztiek egingo zuten bezala, bere etxeko giltza eramaten zuen soka batekin lepotik zintzilik.
Argizariak ere esanahi nabaria zuen antzinako akelarretan, eta hagitz ongi deskribatua dago batzarrak izaten zirela, eta bazela ongi jan eta edateko unea ere: sagarrak, udareak eta sagardoa, XVI. mendeko akelarreen dokumentazioaren arabera, non ogia, ardoa, gazta eta tipula ere aipatzen diren. Halaber diote intxaurra dela sorginek haurrei gaixotasunak eragiteko eskaintzen dieten fruta. Pikoak ere sorginen fruta arriskutsutzat jotzen ziren Oiartzungo kondairak jasotzen duenez.
Baina sorginen liburua da gauza guztien artean indarrik gehiena duena, eta ihauteriaren hasierarako plazara eramateko arreta handiz zaintzen dutena. Aipaturiko liburuan jasotzen dituzte beren sekretu eta formula preziatuenak. Nolanahi ere, sorginek badituzte beste leku berezi batzuk, non denboraren joanean euren batzarrak egin dituzten, eta, hori horrela, festarako plazara jaistea eta sorgin zaintzaileak liburua kutxa batean giltzapean jasotzeak zera adierazten du, sorginak jende normalarekin nahasten direla, eta festetan ez dutela inori kalte egiteko liburua erabiltzeko asmorik. Ihauteriaren amaieran, liburua zaindu zuen sorginak, kutxatik atera eta beste sorgin bati helarazten dio halako balioa duen gauzakia, eta hau izango da hurrengo ilargietan liburuaren arduraduna, eta praktika magikoetan trebatzeko aukera izango duena.
(Saiakeraren laburpena: Sorginen tresnak. Xabier Susperregi. Oiartzun 2009)
Pierre de Lançre epaile hiltzaileak euskaldunak deskribatu zituen bere Tableau de l´nconstance des mauvais anges et demons lanean, sorginkeriaz akusatutako dozenaka euskaldunen aurkako hilketak zuritzeko segur aski; nahiz eta, historiagile batzuen arabera seiehunetik gora izan ziren hildakoak. Zinez harrigarria zela hainbeste deabru eta espiritu gaizto ikustea idatzi zuen zital honek; hainbeste gizonezko nahiz emakumezko sorgin Lapurdiko herrialde honetan gordeta, sorginen harrobi bilakaturik, zeina Frantziako bazter txiki bat zela irizten zuen. Bere aburuz, Europan ez zegoen horren antzekorik.
Euskaldunak gauez gustura dabiltzala erranez idazten jarraitzen du, hontzak bezala, gaueko festazale eta dantzazale direla, egunez eta gauez. Baina ez dantza lasai eta serioaren zale, dantza urduri eta zurrunbilotsuaren zale baizik, gorputza gehien torturatzen eta astintzen, gehien penatzen duena, baina beraiei horixe nobleena eta ondratuena iruditzen zaiela. Sabbat edo akelarrea egiten duten danbolinarekin dantzatzen dute.
Batzar haietan dantza are lotsagarriagoa eta erdeinagarriagoa bilakatzen da, zorigaiztoko batzar horietan izaten diren mugimendu lizunekin. Ez dute dantza noblerik, aitzitik, beren dantzak doilorrak dira, gorputza hagitz astintzen eta torturatzen dutenak, oro lizunenak.
Ezin da dantza lotsagarriagorik ikusi. Gainera, dantzarik bortitzena da, biziena eta sutsuena. Bere keinuek, mutuak izanik ere, badirudi gizonak une horietan emakumearengandik nahi duena eskatzen dutela. Izan ere, gizona eta emakumea behin eta berriz igarotzen dira bata bertzearen ondotik geldi-geldi hainbat aldiz, iduri du gorputzeko atal eta bazter bakoitzak bestearekin une eta leku egokian elkartzeko konpasa bilatzen duela. Dantza horiek askatasun oraindik handiagoz burutzen dira Sabbat edo akelarretan.
Gizonezko sorginen dantzek ia sutan jartzen dituzte pertsonak.
Han beti dantzaren erdiguneari bizkarra emanda dantzatzen dutela erraten dute; hala, biribileko dantza honetan neskak ohituak daude eskuak atzean eramatera. Horrela gorputz osoa arrastatzen dute eta tolestura kurbatu bat irteten zaie bizkarrean. Besoak tolestuta daramatzate.
Gutxi, oso gutxitan dantzatzen da gizon bat emakume batekin. Gehienetan bata besteari bizkarra emanda egiten dute, jendearen atzealdea dantzaren erdigunera begira eta aurpegia kanpoaldera dutela.
Jauziak ere oso ohiko mugimenduak dira, eta hauek ere biribilean egiten dira. Azkenik, bertze dantza mota bat dantzatzen dute, hau ere bizkarrez, baina bikoteak ilaran helduta eta eskuak askatu gabe, asko gerturatuta, eta hainbeste gerturatu ere, bizkarrez bizkar elkartzen direla, gizonezkoa emakumezkoarekin, aldian behin elkarri jo eta ipurdia ipurdiarekin igurtziz.
Deabruak desordena atsegin duelako egiten dituzte dantza hauek, eta gauza guztiak atzekoz aurrera egitea nahi duelako. Herren, elbarri, zahar okitu eta erorkorrak dira, hain zuzen, arintasun handienarekin dantzatzen dutenak, desordenaren festak baitira.
Batzuetan dantza amaitzen denean jauzika hasten dira, jauzirik ederrena nork egiten duen ikusteko, eta apustuak ere egiten dituzte zenbaitetan.
Sorgin hauek, ordea, ez dute frantses erara dantzatzen; aitzitik, euskaldunak izanik, jauzi handiagoak egiten dituzte eta bortizkeria handiagoarekin mugitzen eta astintzen dira.
Agidanez, Iparraldeko emakume bat etorri zen behin batez Zugarramurdiko akelarrera, eta dantzari bikaina izaki, teilaturainoko jauziak egiten zituela. Halaber, akelarre hauetako dantzei buruz erraten da deabruak asmatutako suaren inguruan burutzen zirela, infernuko suaren inguruan alegia, baina gainetik igaro arren, dantzariak ez zirela erretzen. Dantza eta festa haiek oilarrak jo artean irauten zuten, gauerdiaz geroztik.
Hondartzako akelarre bat aipatzen da Ziburu aldean, non jendeak nahi zuen erara dantzatzen zuen.
Bertze batean eskuak helduta eta gurpilean edo biribilean egindakoak errepikatzen dira. Eta bertze batean su hagitz handi baten inguruko dantzak aipatzen dira.
Duela ia 500 urte izandako akelarre batean ere dantza biribila aipatzen da.
Maria Zozaya artean neskato zela joandako lehen akelarre hartan, gizon eta emakume talde oso handi batek egiten zuen dantza zelaiaren erdian zegoen su biziki handi baten argira. Sorginek talde txiki ugari eratuz dantzatzen zuten, baina aldian behin biribil handi batean elkartzen ziren, eta suaren inguruan biribilean dantzatzen jarraitzen zuten.
Horrela burutzen dira dantzak akelarreetan, zeina emanaldi bat bailitzan, lanaren muina bera izango lirateke, eta testu hau antzezpen bat izango balitz, hitz hauek bere amaiera.
Harrigarria iduri badezake ere, XVI eta XVII. mendeetako agiri zaharren bitartez, akelarre edota batzarretako musikara hurbil gaitezke nolabait, erran nahi baita zuzenean melodietara ez bada ere, bai ospakizun berezi haietan eskuarki erabiltzen zituzten tresnak ezagutzera, eta, are, interpreta zezaketen musika ezagutzera nolabait, baldin eta arestian islaturik ikusi dugun dantza mota, gorputza astintzen denekoa, biribila eta jauziena alegia kontuan hartzen badugu behintzat.
Iparraldeko garaiko akelarre batekin ekingo diogu, non deabru beltz txiki batek danbolinarekin, danborraren antzeko tresna batekin sortzen zuen soinuaren arabera dantzatzen zutela erraten den.
Emakumezko testigu batek Hendaiako akelarrea izan daitekeena deskribatzen du, non harmonia bikaina sortzen zuten kontrabaxu, tronpeta eta danbolinekin dantzatzen ikusten zituen. Hendaiako Ansugarlo izeneko batek jotzen zuen danbolina; eraila izan zen, sona handiko sorgintzat hartutakoa. Gastellore delako batek jotzen zuen kontrabaxua.
Lançrek deskribatzen du sorginek ehun mila gauza berri eta harrigarri ikusiko dituzten leku batera doazen ustea dutela, eta hainbeste tresna eta hain anitzak entzunda, estasi batean geratzen direla, eta lurreko paradisu batean baleude bezala sentitzen direla. Emakumezko sorginek danbolin txiki eta txirula baten soinuarekin dantzatzen dute; beste batzuetan lepoan kokatzen duten tresna luze honekin egiten dute, zeina gerritik haratago luzatzen den eta makiltxo batekin kolpatzen duten. Kontrabaxua ere aipatzen da. Baina ez dira hauek Sabbat edo akelarretan jotzen diren tresna bakarrak, han tresna mota guztiak jotzen baitira, eta halako armoniarekin jo ere, ez dagoela munduan berdindu dezakeen kontzerturik.
Hondarribiako Artxibategiko paper-sorta zaharretan jasota azaltzen denaren arabera, danbolin eta arrabita tresna ugari zeuden Jaizkibelko akelarretan, XVII. mende hasieran gure Maria Yllarra joaten zen haietan. Tanborinoak (garaiko danbor moduko tresnei ematen zitzaien izena), eta txirulak erabiltzen ziren akelarre hartan Barojak deskribatzen duenaren arabera.
Garai haietan, Zugarramurdiko sorgin ospetsuek ere musika soinuarekin dantzatzen zuten, eta txirula, danborra eta tanborinari, eta batzuetan biolinari, esker entzuten ziren melodien soinuarekin dibertitzen. Garaiko agirietan eta ondorengo azterlanetan ere garrantzi handia dute musikariek akelarrearen hierarkiaren baitan. Joanes de Goyburu "akelarreko erregea" zen tanborinoa eta txirula jotzeko arduraduna, eta Juan de Sansin danborraren soinuarena. Akelarre ospetsu hartan kriskitinak edo kaskaineta batzuk entzuten zirela esaten dute. Beste deskribapen batzuek dultzaina eta danbolinez lagundutako sakrilegio-kantuak entzuten zirela diote.
Lope de Isasti historiagile lezoarrak ere bailarako akelarretan jotzen zuten musikaren aztarna utzi du 1618ko data duen txosten batean. Honek dio soinu txarreko pandero baten soinuarekin dantzatzen zutela.
XVII mende hasieran, eta Aranatz aldean, ilargi oso argiko egunetan kriskitin eta arrabita soinua lagun egindako jauziei buruz hitz egiten da.
Ezkurran, emakumezko lekuko batek danbolin moduko tresna baten soinua entzun zuela aipatzen du, eta akelarre hartan tanborino soinuarekin kantatzen ikusi zituela, kanta oso lizuna, euskaraz.
Denboran 1527. urtera arte atzera eginez, Katalina de Lison sorginak Otsagabiako plazako gau-akelarreaz hitz egiten du deklarazioan; dantza egiten zuten pertsona beltz batek jotzen zuen soinuarekin, baita beste sorgin baten txistu-hotsarekin ere.
Garai hartan, Nafarroako beste bailara batean beste akelarre bat ospatzen zen, eta Johan Galan sorginaren rabiket (arrabitari deitzeko beste modu bat izan daiteke) delakoaren soinuarekin dantzatzen zuten.
XVI. mendeko Nafarroan Miguel de Zubiri izeneko sorgin bati buruz hitz egiten duen bertze dokumentu bat azaltzen da, danbolin-jole gisa ziharduena, bere txistuak oso eztiak zirelarik.
Eta 1575eko akelarre batean bilerara nola iristen diren deskribatzen da, non gizon bat aulki batean eserita egonik, guztiek eskuan muin ematen dioten, aipatu gizonak txirula eta bandurria jotzen dituen eta horien soinuarekin bertzeek dantzatzen.
Florencio Idoatek desberdintasun bat antzematen du pandero eta suflete soinuen dantzetako akelarretan, eta gaita soinuarena 1595ean Araiz bailaran, baita hiru zuloko intxaur-txirula izan daitekeen xiribitarena ere.
Urte bereko beste dokumentu batean emakume batek zera dio, airean eraman zutela akelarre batera; han arrabiten eta juglareen soinuarekin dantzatzen zutela, eta hauek garai hartan batean eta bestean istorioak kontatuz, eta aldi berean tresnen bat joaz harat-honat ibiltzen ziren pertsonaiak zirela. Bazen bestelako tresnarik ere.
Beste batean tanborina eta txulubita jotzen zireneko batzar bat aipatzen zaigu.
Bata bestearen segidan gertatu ziren akelarre haiek, eta haietara joaten ziren gure arbasoak hemen aipatzen diren tresnen erritmora atergabe dantza eta dantza egitera. Hagitz dibertitzen ziren nahi zutena eginen zutelako, eta ez ezarri nahi zitzaiena.
Honenbestez, garai haietara zertxobait gerturatu zaituztedalakoan nago, baina orain zuek ere oilarraren kukurrukua entzundakoan sorginek akelarrea arin-arinka laga, eta alde egiten zuten bezala egitea nahiko nuke, horrela nik ere idazteari utziko baitiot.