Intxixuak garrantzi berezia du Oiartzungo mitologian, gure bailaran bakarrik ezagutzen den pertsonaia honek bizirik iruteaz gain garrantzi berezia hartu du azken urteotan inauteriei esker. Nolanahi ere Intxixuaren jatorria, izaera eta itxura zein den ez dago batere argi eta behin baino gehiagotan eztabaidatu izan den gaia da.
Dakigunez, Intxixuaren jatorria aztertzeko ahaleginak 1916an egin zituen orduko apaiza zen Florencio Portuk. Argitaratu gabeko eskuizkribuan dioenez, sorgina emakumea zen eta intxixua haren gizona, azti moduko bat. Eskuizkribuko pasarte batean honela dio: "Arditurriko meategietan aurkitu zuen hura benetan Intxixua ote zen", urte batzuk lehenago izandako gertaera bati buruz ari da.
Antza denez, pertsonai misteriotsu bat topatu zuten Arditurrin, gehienetan gizona zela esaten da aina emakumezkoa zela ere entzuna dugu. Meatzari atzuk topatu zute zeharo motelduta: "ahaleginak egin genituen berarekin hitzegiteko, euskaraz, gaztelaniaz eta baita frantsesez ere baina ez genuen lortu". Denborarekin argaltzen hoan zen eta azkenean hil egin zen. Oiartzuarrek oso argi zute: Intxixua zen aurkitutako pertsonaia, ordu arte inork ikusi izan arren denek zuten haren berri.
Gertaera honen harira Intxixuari buruzko esamesak indar handiagoz hedatu ziren herritarren artean. Badirudi, halaber, gertaeraren oihartzunak izan zuela eragina On Manuel Lekuonak urte batzuk geroago eginiko ikerketetan. Gainera, Florencio Portuk berak lagundu omen zion.
On Manuelentzat Intxixua pertsonaia misteriotsua zen, sorginaren gizona beharbada. Bere iritziz, intxixu hitza gaztelaniazko hechizo hitzetik zetorren. Era berean, Lekuonak zionez, oiartzuar batzuen ustez, mairu-baratzeak intxixuen hilerriak ziren eta Arditurriko meategiak ere haiek eginak ziren. Hona Lekuonak eginiko deskribapena:
"Ezkutatzen dira baina haien abestiak entzun daitezke. Harkaitz zuloetan bizi dira, aberastasunez inguratuak eta ez dituzte herritarrekin harremanak kultura desberdinekoak direlako."
Gero, Luis de Uranzu historiagilea izan zen Intxusuaren jatorriaz arduratu zena. Horretarako Arditurri inguruan baserriz baserri intxixuari buruzko informazioa jasotzen. Zoritxarrez hizketaldi haiek ia ez zuten deus argitaratu. Orain, mende erdi beranduago jakin izan dugu elkarrizketa haietan jasotako informazioaren arabera, Arditurri inguruko baserritarrek eginiko deskribapenean Intxixua pertsonaia txikia zela (1,20m gutxi gora behera) argala eta ile askokoa. Batzuek inguruko mendietatik korrika dabiltzan iratxo gisa ere deskribatu zituzten. Era berean, aberastasunez inguratuak bizi zirenez, bitxigile trebeak direla esan izan da.
Nolanahi ere, batzuen arabera Intxixuak eta jentilak berdintsuak ziren garai batean. Izena bereiztearekin batera, ordea, Intxixuek ezaugarri propioak ere bereganatu omen zituzten. Barandiaranek, esate baterako, bi pertsonaien arteko antzekotasuna azpimarratu zuen.
Intxuxuari buruz esaten da ere, azal beltzarana, bizarduna eta gorputz iletxua duela eta oso indartsua dela. Indarra, ordea, gauez bakarrik omen du. Mundu basatiaren ordezkaria izaki gizakiak eraikitako zibilizazioaren kanpo bizi da Intxixua, Kataxulon diotenez.
Ikusten dugun moduan Intxixuen askotariko deskribapenak egin izan dira, aztiak direla, iratxo lotsatiak direla, eta baita jentilen parekoak direla ere. Jasotako informazio guztia herritarrek emandakoa da, beraz, Intxixuek hiru forma dituztela dirudi, hiruak ere aintzat hartzeko modukoak.